X. Landare azoka
Joan den asteburuan X. Landare berezien azoka ospatu genuen. Eguraldiak lagundu ez arren, larunbatean behintzat, pozik egoteko moduko harrera izan du aurten ere azokak. Guztira eta behin betiko datuak oraindik ez baditut ere, 5200 bisitari izan ziren sarreratik pasatakoak. Nere ustez, sarrera kopuru oso garrantzitsua. Salmenten aldetik ere, orohar, saltzaileak oso gustora zeuden. Beraz oso balantze positiboa egiten dut asteburuarena. Aurten, Aiako kaskoak, lehenengo aldiz, azoka gehigarria jarri zen eta larunbatean harrera haundirik izan ez bazuen ere, igandea, eguraldia lagun, harrera hobea izan zuen. Dena dela, bueltatxo bat eman beharko diogula iruditzen zait.
Ahaztu gabe ezin ditut utzi, bi egunetan antolakuntza lanetan jardun diren bolondres guztiak, bihotz-bihotzetik mila esker. Eta aurten bereziki, batipat larunbatean, euritan eta inolako babesgunerik gabe orduetan lanean jardun zenuten guztiei. Aurrez esan nuen bezela, zuen laguntzarik gabe azoka hau egiteko arazo haundiak izango genituzke. Berriro ere, laguntza eskaerari bikain erantzun diozue.




